Fecha actual 20 Nov 2017, 10:27

Todos los horarios son UTC [ DST ]




Nuevo tema Responder al tema  [ 1 mensaje ] 
Autor Mensaje
 Asunto: Hidroterapia: pobrearen osasuna
NotaPublicado: 31 May 2015, 21:08 
Desconectado
Avatar de Usuario

Ubicación: Lekeitio (Euskalherria)
Registrado: 30 Ene 2011, 22:13
Ekintza Zuzena aldizkariaren 42 alean argitaratutako artikulua
http://abante.eus/hidroterapia-pobrearen-osasuna/
On dagizuela! :D
Imagen
Hidroterapia: pobrearen osasuna

“Arrateko haiziak eta errotapeko baiñuak”
Osasun onaren sekretua, Vicente Agirre medikuaren arabera (Eibar 1832-1907).

Bizi garen mundu ero honetan modak pisu handia du. Badirudi zenbat eta sendabidea berriagoa, orijinalagoa, garestiagoa izan, orduan eta mesede gehiago egiten diola osasunari. Ez da horrela, noski. Eraginkortasuna aspalditik frogatua duten hainbat terapia daude, besteak beste ia gizakia besain zaharra den hidroterapia. Artikulu honetan sendabide merke eta indartsu honek osasuna mantentzeko duen ahalmena ezagutuko dugu.

Hidroterapiaren historia laburra

Gizakiak (beste animali guztien modura) Aurrehistoriatik ezagutzen ditu ura terapeutikoki erabiltzearen oinarriak. Halere, lehen lekukotasun idatziak askoz ere geroagokoak dira:
• Egipton duela 5000 urte neurri higienikoak estimatuak ziren: elikadura, gimnasia eta hidroterapia.
• Hititek ere (duela 4100-4300 urte) uraren ahalmen sendagarria erabiltzen zuten.
• Homerok (duela 3100 urte) kontatzen digu aintzinako greziarrek Asklepios jainkoa gurtzen zutela, elikadura, ariketa fisikoa, atsedena, arte ederrak, masaiak eta hidroterapia jorratuz.
• Pitagoras grekoak (duela 2700 urte) bainu hotzen onurak azaltzen zizkien bere Italiako ikasleei, bizimodu osasuntsua eramateko beste arauen artean.

Halere, hidroterapiari buruzko lehenengo erreferentzia garrantzitsua duela 2500 urtekoa da: Hipokratesek Grezian sortutako medikuntza eskolarena, hain zuzen ere. Bertan, hidroterapia lehen mailako teknika zen, eta gaur egunean indarrean dauden arauetako batzu orduan ezarritakoak dira, adibidez:
- Tratamenduak gaixoaren erreakzio gaitasunaren arabera ezartzen dira.
- Bainua hartzean, isiltasuna gomendatzen da.
- Bainu hotzak, ostean ariketa fisikoa eginez gero, gorputza gehiago berotzen du bainu bero hutsak baino.
- Ur hotzak inflamazioa eta mina jeisteko ahalmena du.
- Azalak eta izerdiak depurazio paper garrantzitsua dute.
- Ur beroa ere erabiltzen da, baina tamainan. Izan ere, gehiegizko erabilpenak kalteak ekartzen ditu: muskuluak ahuldu, izpiritua makaldu eta odoljarioak erraztu.

Erromatar Inperioaren sasoian ere (duela 2300-1700 urte) Asclepiades, Antonio Musa, Celso, Galeno... hidroterapia kontuetan famatuak izan ziren. Erromatar hirietan bainu publiko eta pribatu asko zeuden, eta gaur egunean martxan dauden bainuetxeetako batzu terma erromatar hauen gainean eraikitakoak dira (adibidez Fiteroko bainuetxe zaharra).

Erdi Aroan hidroterapiak, orokorrean medikuntzak bezala, sasoi ilunak igaro zituen. Hala moduzko bainuetxeak erabili baziren ere, gehienbat aberatsetarako opor leku dotoreak baino ez ziren.

XVIII mendean, Polonian, hidroterapia esperientzia isolatu bat burutu zuten Sigmund eta Johann Hahn aita-semeek. Besteak beste, mediku hauek azalaren depurazio ahalmena ur hotzaren bitartez biderkatzen zela frogatu zuten, eta haien teoriak liburu batean argitaratu zituzten (Unterricht von der Kraft und Wirkung des frischen Wassers in die Leiber der Menschen). Halere, haien ahaleginak ez zuen hurrengo belaunaldian jarraitzailerik izan.

50 bat urte geroago, hidroterapia modernoan erabakigarriak izango ziren pertsonai bi azaldu ziren: Priessnitz eta Kneipp. Biak osasun ikasketarik gabeak (bata nekazaria zen, bestea abadea), uraren erabilpen terapeutikoaren arau basikoak ulertzeko ahalmena izan zuten. Bakoitzak bere aldetik ikertu zuen, baina haien eboluzioa berdintsua izan zen: lehenengo bere buruekin frogak egin, gero ikasitakoa pazienteen gainean aplikatu eta azkenik arrakasta itzela lortu (orduko medikoen salaketak tartean).

Vinzenz Priessnitz (1799-1851) txekiarrak animalei erreparatuz ikusi zuen ur hotzak zauriak sendatzeko duen ahalmena. Grafenbergeko basoko etxean, teknika desberdinak erabiltzen zituen: igurtzi bustiak, konpresak, dutxak, bainuak, ariketa fisikoa, edatea, jateko arina... Tratamendu jasangaitzak izaten ziren, eta pazientea oso mentalizatua egon behar zen bere aginduak jarraitu ahal izateko. Priessnitzen terapiaren oinarriak hauek ziren:
- Ez du hainbeste ardura pazienteak zer duen; gehiago inporta du hotzaren aurrean duen erantzuteko ahalmena.
- Agente sendagarria ez da ura, gorputzean sortzen den erantzuna baino.
- Aplikazio hotzak egiteko, gorputza aurrez berotu behar da.
- Aplikazio hotzek, batzutan, gaixotasuna fase kronikotik akutura ekartzen dute; krisi hauek sendagarriak dira.

Sebastian Kneipp (1821-1897) Alemanian jaio zen, oso familia pobrean. Umetatik tuberkulosiak jota, gaztetan ere baldintza txarretan lanean aritu zen abade ikasketak ordaintzeko; hain da ezen, 28 urterekin medikuek bizitza-esperantzarik ez zioten eman. Liburutegi batean Hahndarren liburua aurkitu zuen eta bere buruarekin esperimentatzen hasi zen. Hahnen teknikak osatu zituen, Priessnitzen esperientzien berri izan zuen eta bere metodoa garatu zuen. Kneippen ekarpen nagusiak hauek izan ziren:
- Urak metabolismoa pizten du, ahuldutako organoena barne; eta zirkulazio sistemaren erreakzio ahalmena hobetzen du.
- Muturreko tratamenduekin barik, aplikazio leun eta zuzenekin emaitza hobeak lortzen dira.

XIX gizaldi amaieran hidroterapiaren boom bat gertatu zen Europan; euskal bainuetxe gehienak ere orduan eraikitakoak dira. Medikuak Priessnitzen eta Kneippen esperientziak aztertzera hurbildu ziren. Honela, Priessnitz hil zenean Schindler Dreak. hartu zuen haren bainuetxearen ardura, eta honekin ikasi zuen Winternitzek, Hidroterapia unibertsitate mailara jasoko zuen medikoak.

Naturismoa, hain zuzen ere, kneippismotik eratorritako korrontea izan zen, eta honen izaera kontserbadoreari eta gizarte industrialari kritika egiten zion. Jakina denez, naturismoan anarkistek partehartze garrantzitsua izan zuten; adibidez, hasierako teoriko nagusietako batzu Elisee Reclus geografoa eta Lev Tolstoi idazle eta pedagogoa izan ziren; eta XX gizaldi hasieran, Espainiako anarkisten artean medikuntza naturistak gorakada handia izan zuenean, eragile nagusia Isaac Puente mediku bizkaitarra izan zen. Naturisten ikur nagusiak barazkijaletasuna eta biluztasuna izan baziren ere, hidroterapiak leku garrantzitsua betetzen zuen haien bizimoduan; hortaz jabetzeko, orduko argazkiei erreparatzea baino ez dago.

Uraren ahalmen sendagarria

Hidroterapiaren oinarria, gorputzak hotzari aurre egiteko duen ahalmena piztea da. Elurra darabilgunean adibidez, eskuak hotzitu egiten zaizkigu hasieran; handik gutxira baina, gorputzak odol uholde bat bidaltzen du eskuetara. Erantzun hori gorputz osoan lortzen badugu, gaisotasunei aurre egiteko erreminta indartsu baten jabe izango gara.

Uraren propietate sendagarriak hiru faktorek eragindakoak dira: tenperatura, mekanika eta kimika.
- Tenperaturari dagokionez, pertsona osasuntsu baten azaleko zainen portaera hauxe izaten da: ur oso beroarekin (>39ºC) lehenengo fase batean estutu egiten dira, gero dilatatzeko; ur beroarekin, berriz (36-38ºC) dilataziozko fase bakarra egoten da; azkenik, ur hotzaren aurrean (<18ºC) azalak hasieran ur oso beroaren aurrean bezela erantzuten du (lehenengo estutu, eta gero dilatatu) baina azken dilatazio fasea bizkorrago etortzen da, eta gainera berotasuna luzaroagoan mantentzen da.
- Mekanika aldetik, presio hidrostatikoak odol itzulerari laguntzen dio; gainera, ur barruan korputzaren pisua arintzen denez ariketak errazago egin daitezke; baita kontrara ere, uraren erresistentziaren kontra aritzen bagara; presiodun txorroak masaia egiteko ere erabil ditzakegu.
- Azkenik urak baditu propietate kimikoak ere, baina eragin mekanikoaren eta termikoaren aldean oso txikiak dira. Urak, bere bidean zeharkatzen dituen egitura geologikoen eraginez, hainbat elementu ekar ditzake disoluzioan, eta haietako batzu erabilpen terapeutikoa izan ditzakete (nitrogenoa arnas aparaturako, sufrea azalerako...).

Hidroterapiaren oinarriak

Bainuetxeetako ur-teknika guztiak lau kontzepto hauetan oinarritzen dira:
o Erantzuteko gaitasuna: pazientearen zirkulazio sistemak estimuloen aurrean duen erantzuteko gaitasunak ematen du tratamenduaren neurria.
o Beroketa: aplikazio hotzak egin baino lehen gorputza beroa egon behar da. Egin eta gero, berriro berotu behar da.
o Amaiera hotza: edozein tratamendu beroren amaieran, aplikazio hotz motz bat egongo da, termoregulazioa bultzatzeko.
o Hotzaren aurreko adaptazioa: tratamendu egoki batekin, aste batzuen buruan gorputzak hotzari aurre egiten ikasten du. Aldaketak maila desberdinetan igartzen badira ere, begibistakoenak hatzamar-behatzen tenperatura, hotz gutxiagoko sentsazioa eta hotzari erantzun bizkorragoa izaten dira.


Moda ziklo xelebreak

Osasuna hobetu eta indartzeko neurrien artean, gutxi izango dira hidroterapia bezain merke, eskuragarri eta eraginkorrak. Hain ona izanik, zergatik ez du bada mundu guztiak erabiltzen? Galdera lojiko honek erantzun xelebrea du, historian behin baino gehiagotan errepikatu den hankasartze ziklikoa.

Zikloa horrela laburbil dezakegu: pertsona batek, kasualitatez, ur hotzaren ahalmen sendagarriak deskubritzen ditu; emaitza onek inguruko biztanleen arreta erakartzen dute; terapiaren arrakastaren atoian bainuetxeak, hotelak eta eskualdeko ekonomiari bultzakada datoz; baina pazienteek bainu beroak nahiago dituzte hotzak baino; horrela erabilita, urak bere ahalmen sendagarria galtzen du; hidroterapia modaz pasatzen da, ahanzturan jausita; mende batzu geroago pertsona batek, kasualitatez, ur hotzaren ahalmen sendagarriak deskubritzen ditu...

Ziklo hau behin eta berriro gertatu da historian zehar. Loraldi ezagunenetako bat Erroman izan zen, duela 2000 bat urte. Bainuetxeek garrantzi handia hartu zuten, hirigintzako ezinbesteko elementu bihurtu arte. Baina mendeak pasatu ahala, erromatarrak ur beroekin gehiegi zaletu ziren; Inperioaren dekadentziarekin batera etorri zen hidroterapiarena. Beste loraldi bat XIX gizaldi amaieran izan zen, Kneippen eta Priessnitzen sasoian; gero bainuetxeak opor leku bihurtu ziren, eta bezero dirudunak “izutzeko beldurrez”, aplikazio hotzak baztertu ziren, ahalmen sendagarria galduta. Zikloaren beherakadan gaude oraindik: bainuetxe gehienak itxita daude eta, martxan dauden gehienek ostatu edo jatetxe zerbitzuetatik ateratzen dute etekina. Bainuak apaingarri hutsa dira eta oinarri hipokratikoak ahaztuta daude. Noiz arte? Norbaitek ur hotzaren bertute umil eta miragarriak berriro “aurkitu” arte.

Erabilgarritasunak

Osasunaren autogestiorako baliabide oso egokia da hidroterapia, gaisotasunaren prebentziorako duen balioarengatik. Artikulu hau batez ere pertsona osasuntsuei zuzendua dago. Esan beharrik ez dago hidroterapiak gaisotasunak tratatzeko ere balio duela; horri buruz informazioa nahi duenak artikulu amaieran aipatutako liburuetan aurkituko du.

Ikus dezagun, bada, urak gure gorputzean nolako erantzunak sortzen dituen:
o Kardiozirkulazio mailan, sistema osoaren oreka lortzen dugu: esfortzuaren aurrean erantzun hobea, bihotz taupaden erregulazioa, baita odol presioarena ere.
o Arnas sisteman, bainu totalek espirazioa errazten dute. Ur hotzak, gainera, arnasa geldi eta sakona egitera bultzatzen gaitu (beroak berriz, bizkorra eta superfiziala).
o Muskuluetan, orokorrean aplikazio hotz eta motzek haien tonua eta exzitabilitatea jasotzen dute, eta aplikazio beroek jaitsi. Bainu totalek, berriz (beroek zein hotzek) muskuluen tonua eta exzitabilitatea gutxitzen dute.
o Nerbio sisteman, ur hotz (<18ºC) edo oso beroak (>39ºC) estimulatu egiten du; beroak (36-38ºC) berriz, lasaitu. Hortaz gain, organismoaren funtzionamendu orekatuak egoera psikologiko orokorra hobetzen du.
o Sabelean aplikatutako beroak dijestio hodia orekatzen du. Aplikazio hotzek, ostera, larregiko peristaltismoa edo espasmo kolikoak baretzen dituzte eta sabel zukuaren sekrezioari laguntzen. Halere, sabelaren gainean jarritako txaplata beroekin ere sabel zuku gehiago ekoizten da; txaplata hotzekin, gutxiago.
o Depurazio sistemak: orokorrean, korputzeko atal desberdinetan gordetako toxinak mobilizatu eta jaurti egiten dira. Giltzurrunen gainean konpresa oso beroak jarriz haien odoleztatzea hobetzen da, txiza gehiago sortuz. Bainu orokor beroekin ere efektu bera lortzen dugu. Puxikaren gaineko bero lokalak esfinter lisoa errelaxatzen du.
o Eragin endokrinoa: orokorrean hormonen sekrezioa orekatzen da, metabolismoaren erregulazio ahalmenaren mesedetan. Erantzun tipikoa ematen da: ACTH eta glukokortikoideen sekrezioa gehitzen da; leukozito guztiak ugaltzen dira, eosinofiloak ezik (hauek urritu); 17-zetosteroideen jaurtiketa kopurua igo egiten da; tejidoak erantzun linfohistiozitarioa erakusten dute... Kortikoideen sekrezioarekin, efektu hormonal antiinflamatorio bat izango dugu.
o Immunitate sistema: korputzaren defentsarako gaitasuna eta kanpoko aldaketen aurrean erantzuna hobetu egiten da.

Hainbat faktorek goian aipatutako efektuak alda ditzakete:
o Pazientearen gorpuzkera: lodien erantzuna bizkorragoa da, eta tratamendu gogorrenak jasateko gaitasuna dute; argalek, berriz, nekezago erantzuten dute eta aplikazio hotzak ez dituzte ondo jasaten; pertsona atletikoek, berriz, ez dituzte ongi jasaten tenperatura extremoak.
o Egunen eta urtearen ritmoak: eguerdirarte, nerbio sistema parasinpatikoa aktiboagoa izaten da, beraz goiza egokia da aplikazio estimulanteetarako; terapia leunenak arratsalderako lagako ditugu (sistema sinpatikoa aktiboagoa denean). Udaberrian, korputzak erreakzio kapazidade handiagoa izaten du.
o Estimuloaren indarra, lau elementukin neurtu dezakeguna: uraren tenperatura (zenbat eta puntu indiferentetik urrunago, estimuloa gogorragoa eta erreakzioa indartsuagoa), aplikazioaren iraupena (zenbat eta luzeagoa, estimuloa gogorragoa), aplikazioaren hedapena (zenbat eta azal eremu zabalagoa, gogorrago), agente mekanikoen laguntza (hauekin, estimuloa gogortzen da).
o Aplikazioen frekuentzia: saioen artean, korputzaren erantzuteko gaitasuna berreskuratzeko geldialdi bat egitea komeni da. Estimulo gogorrak, astean birritan edo hirutan baino gehiago ez. Ertain edo leunak, 4 orduko atsedeneko tartearekin.
o Adina: zahartzarora, korputzak gehiago eskatzen ditu aplikazio beroak hotzak baino. Zaharrek gazteek baino estimulo leunagoak eta luzeagoak behar dituzte (azalaren odoleztatze eskasagoa). Umeek berriz, estimulo leunagoak eta motzagoak behar dituzte (sensibilidade haundiagoa).


Teknikak

Ikusiko duzuenez, bainuetxeetako ur-terapia gehienak etxean bertan egiteko modukoak dira:
• Ikuzketa: trapu latz bat ur hotzez edo epelez bustita eta lauskituta, gorputza atalka edo osorik ikuziko dugu. Estimulu leunak emateko bide oso egokia da.
• Oihalezko estaldurak: gorputza hiru oihalez estaltzen da, barrukoa bustita eta kanpokoak lehorrak, isolagarri modura. Beroa kentzeko (sukarra dagoenean), beroa emateko edo izerdi eragiteko erabil daitezke.
• Txaplatak: gorputz atal baten gainean jartzen dira, beste oihal batekin bilduta. Oihal busti hutsa jar daiteke; baita buztina, gaztanbera, patata egosia, belarra edo beste zerbait ere, helburuaren arabera.
• Presio gutxiko ur jarioa: ureztagailuz edo pitxer batekin, adibidez. Tenperatura hotzekoa edo hotz/berokoa txandaka izan daiteke, atalka zein gorputz osoan.
• Presiodun txorroak: instalakuntza berezietan egiten dira, ur beroarekin, gehienbat leku konkretuetan masaia emateko.
• Murgilketa osoak: beroak badira, barruko zainak eta arteriak (erraietakoak) estutu egiten dira, eta azalekoak zabaldu, odolaren presioa mantentzeko. Murgilketa hotzetan, berriz, alderantziz gertatzen da (barruko hodiak zabaldu eta azalekoak estutu).
• Murgilketak atalka: hotzak, beroak edo txandaka egin ditzakegu, dagokion gorputz atalean.
• Uzki bidezko ureztatzea: labatiba altura baten eskegitako ur poltsa bat da, gomazko tutu batekin, uzkitik sartzeko kanula puntan duela; enema, berriz, gomazko “madari” batekin egiten dena (kantitate txikiagoaz). Ur hutsarekin edo gehigarriekin erabil dezakegu (gatza, kamamila, xaboia, olioa...) eragin nahi dugun efektuaren arabera. Oso praktikoa da eguneroko hainbat arazo txikiri aurre egiteko: idorreria, menstruazioarekin lotutako minak, odoluzkiak, buruko kongestioa, insomnioa...
• Lurrinak: gorputz atala ur beroz betetako lapiko baten gainean jarrita hartzen dira, dena oihal geruza pare batez estalita. Amaitu eta gero igurtzi hotzak egingo ditugu azalean. Bainu turko edo errusiarrak honen aldaera bat dira, lurrinez betetako gela batean gorputz osoan egindakoa, 45ºC inguruan.
• Sauna: 85ºC inguruan dagoen gela lehorrean egonaldiak egiten dira, ur hotzezko dutxekin txandakatuta.

Neguko Bainuzale Eroen Kluba

Artikulu hau amaitzeko, proposamen bat egin nahi nizueke. Seguru nago, kostaldean bizi zaretenok behintzat, ezagutzen duzuela negu osoan bainua hartzen ibiltzen den “eroren” bat. Izan ere, hidroterapiaren oinarriak ahaztuta dauden honetan, hortan aritzen garenok horixe dirudigu: ero xamarrak. Halere, bainuzale hoiei erreparatu ezkero, zenbait ezaugarri interesgarri aurki ditzakezue: jende lasaia da; erropa gutxi erabiltzen du, baita negu gorrian ere; katarro eta gripe gutxi hartzen ditu; botikak ere, asko ez –ez naturalik, ezta sintetikorik ere-; bere adineko jendearen aldean gazteagoa ematen du...

Instintuz ala ikasita, neguko bainuzaleek naturak ematen digun sendabide indartsu eta sakonenetako bat erabiltzen ikasi dute. Beharbada ez dira hain eroak, ezta? Esperimentua egiteko gogoa sartu bazaizu, ongi etorri klubera. Jarraian emango ditugun oharrak lagungarriak izango zaizkizu.

Gogoratu behar duzun gauzarik garrantzitsuena hauxe da: ur hotzetan sartu aurretik gorputza berotzea. Udan ez dago arazorik, giroa epela baita; baina eguraldia hotzitu ahala, gorputza berotzeko laguntza beharko dugu: jantzi lodiak, aktibitate fisikoa... gorputza zenbat eta beroago, hainbat errazagoa (eta atseginagoa) izango baitzaizu ur hotzetan sartzea. Hau errespetatu ezkero, euripean edota negu gorrian ere bainua hartzeko arazorik ez duzu izango.

Halere, kontuz:
• Gaisotasun larriren bat izan ezkero, osagile baten superbisioa bila ezazu.
• Kontuz itsaso eta ibaietako ur korronteekin; udatik negura asko aldatzen dira, eta soroslerik ez da egoten.

Ohar praktikoak:
• Ez duzu toallarik edo aldatzeko arroparik behar: uretatik irtetzean, lehortu zaitez barruko elastikoarekin eta jantzi itzazu berriz kirol arropa bustiak. Etxera bidean, gorputzean sortuko den erantzun beroak lehortuko ditu.
• Bainua biluzik hartzeko aukerarik ez baduzu, lasai: uretatik irtenda jantzi itzazu arropak bainujantzi bustiaren gainean, eta listo. “Oihalezko estalduraren” teknika bezelakoa izango da.
• Hondartzara bazoaz, bainuaren ostean zapatilak hare eta guzti jantzi ditzakezu (oinak etxean garbitzeko). Galtzerdi barik joatea ere gauzak erreztuko dizkizu.
• Bainu hotzaren ostean, ziurtatu zaitez gorputza berriro berotzen dela. Hotz handia badago, ariketa fisiko pizka bat beharrezkoa izan daiteke.

Ez ezazue pentsa, halere, hidroterapia egiteko derrigorrez hondartzan bizi behar denik. Ez horixe: hiri batean, mendian eta, oro har, itsasotik oso urruti bizi direnek ere jaso baititzakete uraren onura guztiak. Hori azaltzeko, jarri gaitezen espetxean dagoen kide baten lekuan.

Iñakik egunean 21 ordu ziegatik irten barik pasatu behar izaten ditu. Halako batean, erabaki hau hartu du: “Egunero arratsaldeko zortziretan, dutxa hotza”. Horretara, egunero zazpi t’erdietarako kirol erropak jantzita kirolean hasiko da: abdominalak, flexioak... Zortziretarako, bero-bero eginda, erropa guztiak erantsi eta 5 minutu pasatuko ditu dutxa hotzaren azpian. Segituan irten, lehortu eta ohean sartuko da lasaitasun sentsazio ederraz gozatzera. Eta horrela, espetxearen harresi grisetatik irten gabe, primerako balneoterapiaz gozatuko du funtzionarioen begirada harrituen pean.

Osasuna eta Askatasuna!

Oier Gorosabel Larrañaga
Fisioterapeuta

Bibliografia

1. KNEIPP, Sebastian. 1898. Metodo de hidroterapia. Mi cura de agua. Versión española de la 33ª edición alemana por D. Francisco G. Ayuso. Séptima edición. (faksimila) . Ed. Maxtor, Valladolid 2001.
2. ROSELLÓ, Josep Maria. 2005. Dossier: el naturismo libertario en la Península Ibérica (1890-1939). Ekintza Zuzena 32. Bilbo.
3. ROSELLÓ, Josep Maria. 2005. El naturismo libertario (1890-1939).Cuaderno de Pensamiento 4 (Solidaridad Obrera 323. Aldizkariaren gehigarria).
4. VIÑAS, Frederic. 1994. Hidroterapia, la curación por el agua. 4. edizioa. Integral, Barcelona.

_________________
-----
Osasuna eta Askatasuna
http://www.abante.eus


Arriba
 Perfil  
 
Mostrar mensajes previos:  Ordenar por  
Nuevo tema Responder al tema  [ 1 mensaje ] 

Todos los horarios son UTC [ DST ]


¿Quién está conectado?

Usuarios navegando por este Foro: No hay usuarios registrados visitando el Foro y 1 invitado


No puede abrir nuevos temas en este Foro
No puede responder a temas en este Foro
No puede editar sus mensajes en este Foro
No puede borrar sus mensajes en este Foro

Buscar:
Saltar a:  
phpBB2 Czar-Orange Theme © CirtexHosting
phpBB3 Czar-Orange Theme © Shadow_One
Powered by phpBB © 2000, 2002, 2005, 2007 phpBB Group
Traducción al español por Huan Manwë
     
Aviso Legal  |  Política de Privacidad  |  Contacto  |  Licencias de Programas  |  Ayuda  |  Soporte Económico  |  Nodo50.org