Página 1 de 1

Gonzalo Reparazen bizimodua

Publicado: 17 Oct 2014, 05:46
por otsabide
Hementxe bere bizitzako zertzelada nagusiak:
http://saguzarrak.blogspot.com.es/2014/ ... arten.html

Portugalen jaio zen 1860an, jatorri euskalduneko familian: haren aita, Antonio Reparaz Cruz, Oportoko Operako Orkestra zuzendaria izan zen. Bertan egin zituen ikasketak, eta hantxe hasi zen kazetaritzaz eta geografiaz interesa erakusten, batez ere Afrika eta Ameriketara begira. Anarkismoarekin lehen kontaktua ere hemen izan zuen, Elisee Reclus geografoaren lanen bitartez hain zuzen ere.
1881ean Madrilera mugitu zen, nahiz eta estatuko leku desberdinetan ere ibili izan zen, batez ere kazetari beharretan: Donostian, esate baterako, La Union Liberal egunkaria zuzendu zuen 1889-90 artean. Sasoi honetan bere jarrera afrikanista eta regenerazionista indartu zen, eta Afrikako kolonien garapena aldarrikatzen zuen, metropoliaren ustialeku hutsak baino gehiago izan behar zirela defendatuz.
1900 urtean Parisera pasatu zen Carmen Ruiz emaztearekin batera, hango Espainiako Enbaxadorearen aholkulari gisa lanean hasteko. Sasoi honetan Donostian denboraldi luzeak egin zituen, eta ordukoak dira bere Aitzbitarteko esplorazio espeleologikoak.
1908an senar-emazteak Tangerrera mugitu ziren haien seme Gonzalorekin, Espainiako Gobernuak Reparaz bertako Komisionatua izendatu baitzuten. Sasoi honetan Marokoren azterketa geografiko eta historiko sakona egin zuen, baita ustiaketa agrikola handiak abiatu ere emaztearen laguntzaz. Era berean, Administrazioaren ustelkeria eta inkonpetentzia salatu zituen bertako garapenaren oztopo modura, Ejerzitoaren eta Erregearen haserrea eraginez.
Hau dela eta, 1911an bere kargutik egotzi zuten. Gainera ABC egunkarian protesta artikulu bat idatzi zuen, eta honek ondorio larriak ekarri zizkion: heriotzera kondenatu zuten, edo bestela Marokotik desterrura, bere ondasun guztiak bahituta.
1913an, egoera ekonomiko txarrean, Ameriketara abiatu ziren: hurrengo urteak Brasil eta Argentina artean emango zituzten Marokorekin garraio enpresak sustatu nahian, baina ez zuten lortu eta gainera iruzurren biktima izan ziren. 1914an Sâo Paulon zeuden, Gonzalo irakasle modura lanean eta Carmen ospitale bateko administrazioan. Iº Mundu Gerran Reparaz alemanen alde irten zuen eta honek arazoak ekarri zizkion, Brasilen kontrako jarrera baitzen nagusi; hau dela eta Argentinara mugitu ziren. Han alemanen aldeko kazetagintzan sutsuki aritu zen. Baina hauek 1918an gerra galtzearekin batera, estuasun ekonomikoak larritu zitzaizkien.
1919an Suitzara joan ziren, jesuiten babespean. Handik Espainiako kazetekin eta erakundeekin harremanetan hasi zen, eta 1921an Bartzelonara joan ziren. Annualeko Desastrearen ostean Monarkia laster erortzeko esperantza zuten, baina ez zen horrela gertatu. Sasoi horretan Reparaz kazetari bezela aritu zen batez ere.
Argazkia: Demetrio Larrañaga Arana.
Primo de Riveraren diktaduran (1923-1930) Reparazek oposizio antimonarkiko oso aktiboa egin zuen, batez ere idazle modura. Errejimenari egindako kritika geografia ikuspegitik egin zuen batez ere, Reclus eta Kropotkin anarkisten teorien bidetik.
1931ko Errepublikarekin bizitza politikoan sartu zen, hasieran eskubiko errepublikarrekin bat eginez. 1933an Gobernuko kargu baterako izendatu zuten, Ipar Afrikako arazoetan aditu bezela. Madrilera mugitu zen orduan. Urte hauetan Madrileko Ateneo Científico, Literario y Artístico-rekin harremana estutu zen, batez ere Islamari eta Koloniei buruzko arloak landuz. Halere, Gobernuak ez zituen bere proposamenak entzungo, besteak beste Ejerzitoa Marokotik ateratzearena (Reparazek, profetikoki, hango ustelkeriak Espainiari kalte baino ez ziola egingo iragarri zuen).
1936ko estatu kolpearekin batera, Reparaz Ruiz familiaren bizimodua hankaz gora geratu zen: Gonzalok ohizko kazeta kolaborazioak galdu zituen, gaisorik zuen emaztea ezin zainduta. 76 urte zituelarik, Madrilgo anarkisten babesa lortu zuen eta CNT aldizkarian lanean hasi zen; 1937an Bartzelonara mugitu ziren, eta han ere Solidaridad Obrera kazeta libertarioan kolaboratzen jarraitu zuen. Haren azken alea erbesterako bidean prestatuko zuen eta handik gutxira hilko zen, Mexicora ailegatu berri.
Errepublikako Gobernuarekin izandako harremana gorabeheratsua izan zen. Horren adierazgarri dira 1937an kartzelaratu zutela (estalinismoa salatzeagatik), eta 1938an, berriz, ordezkari gisa bidali zutela Amsterdameko Geografia Kongresura.